Bizkaia Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, Euskal Herriko ipar-mendebaldekoa. Iparraldean Kantauri Itsasoa (Bizkaiko golkoa) du mugakide; hegoaldean Burgos eta Araba; mendebaldean, Kantabria eta Burgos, eta ekialdean Gipuzkoa. 2.217 km² eta 1.158.439 biztanle ditu Bizkaiak. Euskal Herriko herrialderik populatuena da, eta Bilbo Handiak osatzen du Euskal Herriko konurbazio garrantzitsuena. Administratiboki, Euskal Autonomia Erkidegoko foru lurraldea edo lurralde historikoa da. Hiriburua Bilbo da.