has abstract
| - Pantera Beltza Alderdia (ingelesez Black Panther Party eta jatorriz Autodefentsarako Pantera Beltza Alderdia, eta Pantera Beltzak bezala ezagutuak) Ameriketako Estatu Batuetako erakunde politiko afroamerikarra da, 1966ko urrian Oaklanden sortua, Kalifornian, Huey P. Newton eta Bobby Sealeen eskutik. Huey P. Newton eta Bobby Sealek Malcolm Xen pentsamenduaren eta The Wretched of the Earth (1961) liburuaren autorea zen Martinikako Frantz Fanon psikiatra eta pentsalari panafrikanistaren eragina jaso zuten. Horrela sortu zuten Merriteko Unibertsitatean, Oaklanden, Ikasleen Arimaren Aholku Kontseilua. 1966an, Malcolmen hilketaren urteurreneko ospakizun ekitaldietarako, armaturiko gazte eskuadroi bat campusera eramatea proposatu zuten, baina proposamen hura atzera bota zitzaien. Gertaera honen ondorioz, Kontseilua utzi eta Pantera Beltza Alderdia sortzea erabaki zuten. Pantera Beltzak Malcolm X-en ideien oinordeko dira, haren heriotzaren ondoren sortu baitziren eta haren ideiak gauzatzea zuten helburu. Ameriketako Estatu Batuetako Beltzen Komunitatearen bizi kalitatea hobetzeko hainbat programa sustatu zituzten: umeentzako gosarien programa, herri beltzarentzako doako ospitalean ezarpena edota drogen aurkako borroka, beste batzuen artean. 1969an FBIk 'arerio publiko nagusitzat' jo zituen, eta, hein handi batean, hori izan zen Alderdiaren desagerketarako faktore nagusietako bat. Alegia, Alderdiaren baitan ikerketak, infiltrazioak eta desestrukturazioa eman zen. FBIren Kontrainteligentzia Programen bitartez Pantera Beltzek atxiloketak, erailketak eta indarrezko erbesteratzeak pairatu zituzten, Alderdia bera desagerraraziz.
|